
Azpeitiko jaiak erritu soila baino gehiago dira, herritarrek grina handiz gozatzen baitituzte. Egutegiko jai nagusiak Sansebastianak, Sanignacioak, Ihauteriak eta Santotomasak dira, baina ez dira bakarrak. Gure auzoetako jaiek, horrez gain, festa era xumeago batez bizitzeko gonbita egiten digute, ilusio berarekin ospatu arren. Beraz, Urrestilla, Loiola, Aratz Errenka, Nuarbe, Mantxinbenta, Oņatz, Lasao, Landeta eta Elosiaga festa giroz beteriko elkargune bihurtzen dira urteko zenbait egunetan.
Festari urtarrilaren 19an ematen zaio hasera, Helduen Danborradarekin. Hamazazpi talde eta zortziehun pertsona baino gehiago izan ohi dira partaide ekitaldi ikusgarri honetan. Hurrengo egunean, San Sebastian egunez, Txikien Danborrada izan ohi da nagusi, 400 neska eta mutikok osatua, hainbat taldetan banaturik. Azpeitiko festarik herrikoiena eta partehartzaileena da.
Jaiak Inauteri igandean hasi ohi dira, “txikiteo elegantea”rekin. Herritar asko eta asko jantzi ohi da garai bateko soineko eta jazki apainekin, kalean gora, kalean behera pasiatzeko, antzinako antzera. Astelehen eta asteartean ere festak jarraitu egiten du eta sokamuturrak, sokako zezenak, eta mozorroek hartu ohi dute herria.
Uztailaren 30ean, eguerdiko 12:00etan, suziri handia lehertzen denean zeruan, hiru egun eta lau gau hartzen dituen festaldiari ematen zaio hasera. Elizkizunekin batera beste ikuskizun profano eta jostagarriagoak bateratzen dira, eta horien artean ezin utzi aipatu gabe Azpeitiko Zezenketaldietan antolatu ohi diren korridak, hain ospe eta izen handia lortu duten zezenketak.
Gabon jaien atarian egin ohi den festa-egun erakargarria dugu, neurri handi batean baserri munduari lotua. Barazki, fruta eta lore lehiaketak egin ohi dira eta herriko Enparantza Nagusian txozna ugari jarri ohi da. Txistorra, talo eta gainerako mokadutxo goxoak dastatzeko aukera izango dugu, ttuntturroak, trikitixaren soinuak eta bertsolaririk ospetsuenen abestiak lagun ditugula. Egun horretan bertan izaten da Azpeitian egiten diren Euskadiko Euskal Antzerki Topaketen azken ekitaldia ere.